GANBARATIK
Gure hatsez lurrindu den leihoan
bortitz mendebala joka denean
margoa bailiran teilatu, euria,
itsas-adarraren lohi emaria…
guk ere badaramagu guregan
irri eta malko zurrunbiloetan,
zer marrazten dudan ahaztu zaidanean
da argirik onena sortzen ganbara hontan...
bakarrik ez gaudela ohartu
izu, damu, grina lagun ditugu
egia ez beste ezer ez diet galdetu
orduan bakarrik zaitut maitatu.
Galdera okerrek zirikatzen naute
ta lehenaldiz begiratzen diedanean,
zer idazten dudan ez dakidanean
politena gertatzen da ganbara hontan…
Galdera okerrek zirikatzen naute
ta lehenaldiz begiratzen diedanean
zer marrazten dudan ahaztu zaidanean
da argirik onena sortzen ganbara hontan…
Aurre-iritziek lardaxkatzen naute
ta ahazturatik begiratzen dizudanean
maite zaitudala ez dakidanean
politena gertatzen da ganbara hontan.
MUGA GABEKO HONDARTZARA
Nekaturik naiz zure herriez..., karebeltz ta altzairuez
zure kaleek sendatu ezin duten bihotzeko zauri sakonez
oinetako hautsa astinduko dut…setaz itsatsia dirudienez
hondartzara naiz orain jeitsiko, itxaroa naizela jakinez
mariak ene oinatzak
deustezten dituen hartara
Itsas mugagabearen
mugarik gabeko hondartzara.
Antxetaren hegaldi azpian, olatu basatiaren gainean
ez da dolurik ontziratzeko ez etsairik amore emateko
Orio ispaster lagunkoia, zure urdin eta behe-lainoa
oihala dut zabalduko ta zurekin etxera banoa.
Mariak ene oinatzak
deustezten dituen hartara
senak nazala eraman
mugarik gabeko hondartzara
xedea bilakatu dut aukera
aparra bezela datorrena..
mariak ene oinatzak
deustezten dituen hartara
senak nazala eraman
mugarik gabeko hondartzara,
mariak ene oinatzak
deustezten dituen hartara
Itsas mugagabearen
mugarik gabeko hondartzara...
muga gabeko hondartzara.
IZARRAITZ MAGALEAN
Elurrak zituen jantzi mendiak
urte zaharraren egun haietan
ildo bat zenuen
egin zure gailur hartan
zuri zegokizun keinuaren zain
utzi ninduzun itxaroan
baina asekaitz zinen
ta agur esan gabe joan
Betikotasuna maitatu zenuen
elur hilezkorrean,
hilezkor zure argia nola
Izarraitz magalean,
hilezkor zure izpia nola
Izarraitz magalean.
Begiak itxita baizik ez nuen
denbora atzera itzularaziko
hasia zirudienak
ez zuen etenik izango.
LOHITZUNEAN BARNA
Egunero joaten naiz
gure lohitzunean barna
gau-lore, suangila…
denak nereak dira, ta ni haiena
eta ez dugu gure artean
derrigorrezko loturarik
elkar maite ta agurtzen dugu
unean uneko aurpegiz
argia batzuetan, ñabarra gehienetan
unean-unean
behin betiko elkar agurtzean
berriz, aurren-berriz
ibaia zeletan, maskorrak bideetan
unean-unean
errexolan nazazu eraman
berriz, aurren-berriz gure
lohitzunean.
BADAKIZU
Badakizu bihotzetik hitzegiten dizudala,
lehen hunkitzen nindutenak entzun nahi ez ditudala,
asmo onak nahikoak etzaizkidala,
norberaren gezurretan erortzea zaila ez dela
Badakizu ez nauela iraganak kataiatzen,
izan zenaz, zitekeenaz ez dut denborarik galtzen,
ene atea alferrik duzula jotzen
zoriontsuen jai tristera nauzularik gonbidatzen
badakizu, benetako nahia baldin baduzu
zer egin, ez egin ondo badakizu.
Okerrak ez al dakar kontzientzien galtzea,
badakizu zaurietatik zen zaila den pentsatzea,
amodioz, indarkeriez aritzea,
Ikuspegi osoa duen dantzaria izatea.
Badakizu benetako iraultza nahi baduzu
zer egin, ez egin ondo badakizu.
Oroimena oroitarri hutsa gehiago ez denean,
garaiz iristeko aukeraz galdegiten diozunean,
izarrak alde ditugu izango orduan
ziur naiz, maite, bihotza dut eskuetan
badakizu, benetako nahia baldin baduzu
zer egin, ez egin ondo badakizu.
benetako iraultza nahi baduzu
zer egin, ez egin ondo badakizu.
MAIRU BARATZETAN
Zure herrira heldu naiz eta
zirrarak nau hartu
iratze, pago, gaztainondoek
naute agurtu.
Oihu egingo dut mairu-baratzetan
entzuidazu berriro,
zure oiartzun hunkituak
bil nazan maitekiro.
Doinu batek nau ferekatu
ta eskutik eraman
galdu arazi baso eta,
lehenminean barna.
Oihu egingo dut……
Iturriaren xuxurla baino ez
biharamuna Aranon,
zazpi jauzietan kondaira-aurreak
esaten dit egunon.
Oihu egingo dut…
OIHARTZUN EGITEN ZIGUN
Goiz goizik abiatu ginen
zeru ilunaren azpian
ez ginen tristuren beldur
ez geuregandik ihesian
Oihartzun egiten zigun
olerki epiko haren doinuak
ta ispazter arroken hasperenean
ginen urtuak
Zer dakizu gure etorkizunaz
zer ote duzu salbamena…
ez bada bakarrik gure
jarreran bizi den ahalmena…?
Zer, ez bada gure eskuez landatu eta
behin betiko ohartzean loratu ohi dena…?
Oihartzun egiten zigun
olerki epiko haren doinuak
ta ispazter arroken hasperenean
ginen urtuak
ZUHAINIK GORENA
Oihaneko zuhainetan
eder zuhainik gorena
Europako populuetan
famaturik eskualduna
bera dago eijerena
Kantabriaren semia
lorius bere lurretan
beti libro egon dena.
OI, AMAIUR
Haizea dabil Amaiur gainean
murmurioa da elizan
herriaren hatsa da, horma artean
otoitz bihurturik mendeetan
Oi, Amaiur
gure endako
jendeen ohore
duintasunaren lekuko.
Izpiak dira leihotik sartzen
gogo askea dute emankor egiten
oi erresuma gurea zaitut hemen
orobat naizenetik aitortzen
Oi, Amaiur…
MENDIAN ZOINEN EDER
Mendian zoinen eder eper xango gorri
ene bihotza duzu zuganat erori
ene bihotza duzu zuganat erori
eta zuria aldiz harria iduri
Oherat ziradia, lozale pollita?
Oherat ezpazira jin zazkit leihora,
oherat ezpazira jin zazkit leihora,
hitzño bat erran eta banua berhala
Gora düzü leizarra, gorago izarra
oran eztiz oren bat oherat nizala
oran eztiz oren bat oherat nizala
ohetik jeikitzera herabe düdala
oreina laster dua horen aitzinian,
urian sartzen düzü ahal dianian;
ez amorioz bena bai bere beharrez
zu ere hala hala zabiltza arauez.